Europa Leagueko
finaleko porrota eta horrek ekarri zituen negarrak ez ditu Athleticen zaleen
ilusioak murriztu. Denboraldi hau izugarria izan da eta familia zurigorri
guztia berriz amesten hasi da, titulu bat berriz irabaztea inoiz baino
hurbilago dago. Honen erantzulea noski Marcelo Bielsa da, nahiz eta hasieran
zalantza asko sortu azkenean Athletic "bere Athletic" bihurtu du.
Horregatik, baita pertsona moduan erakutsi dituen balioak pertsona oso maitatua
bihurtu dute bilbotarren artean. Baina Bilbon temati dira, Bielsak urte
amaieran bukatzen du bere kontratua eta bere berritzeaz ez da ezer esaten. Zein
izango da Bielsaren etorkizuna?
Entrenatzaile
baten berritzea lau iritzitan oinarritzen da batez ere: Zuzendaritzarena,
entrenatzaile berarena, jokalariena eta zaleena. Azken hauen jarrera argia da,
denboraldian zehar “Athletic Karajo”, “A lo loco se vive mejor” eta antzekoak
ohikoak izan dira San Mamesen eta azken partiduan argi erakutsi zuten zer
pentsatzen zuten zelai osoak Bielsari geratzea eskatu zioenean.
Jokalariek ere
garrantzia handia daukate entrenatzaile baten jarraitutasunean, bestela
gogoratu besterik ez dugu urte honetan Gregorio Manzanori Athleticon eta Villas-Boasi
Chelsean gertatutakoa. Jokalariak ez zeuden ados entrenatzailearen
metodologiarekin eta nahiz eta ofizialki onartua ez izan uste handiak daude
jokalariek ez zutela guztia eman beraien entrenatzailea defendatzeko eta
horregatik bi hauek taldetik irten behar izan ziren. Athleticen ez da hori
gertatzen, jokalariak hertsiki betetzen dituzte Bielsaren arauak, nahiz eta
askotan arraroak edo oso aspergarriak izan, adibidez, jokalariek aipatutako
ehunka bideo famatuak. Hala ere, zurigorriek behin eta berriro errepikatu dute
oso gustura daudela Bielsarekin eta berari esker talde irabazle bat bihurtu
direla.
Baina azken hitz
beti zuzendaritzak dauka. Josu Urrutiak argi erakutsi du Bielsarekin jarraitu
nahi duela: “Gure testuinguru bakarra Bielsa da, ez dago B planik”. Gainera
Amorrortuk, Athleticen kirol zuzendariak, adierazi du Bielsaren jarraitutasuna
“funtsezkoa” dela.
Beraz lehen
aipatutako klabeetatik lautik hiru betetzen dira, baina zer gertatzen da
Marcelo Bielsaren nahiekin? Galdera hau erantzutea oso zaila da, Bielsak beti
adierazi du bere kontratua urtez urte berritzen duela eta horregatik pista gutxi
daude bere ideiei buruz. Gainera Europa Leagueko finala jokatu baino lehen hitz
enigmatiko batzuk bota zituen: “Denboraldia bukatzerakoan ikusiko dugu.
Orduan lortutako helburuak
aztertuko ditugu”. Beraz Athleticek izandako porrota eta ligako emaitzak
erabakigarriak izan ahal dira. Horrez gain zurigorriek kezkatzeko beste arrazoi
bat daukate, Bielsa ez da inoiz geratu gehiegi taldeetan, gehienez bi urte,
nahiz eta garaipenak lortu.
Konklusio moduan
esan daiteke Bielsaren etorkizuna kopa finalaren menpe dagoela. Galtzen badu
seguru aski taldetik joango da. Garaipena lortzen badu, ordea, geratzeko aukera handiak dauzka, gainera
azken egunetan adierazi du oso pozik dagoela Bilbon eta eskertu egin ditu
afizioaren hitz onak. Hori bai, geratzen bada ez da izango denbora askorako,
lehen esan denez Bielsa, bi urte pasatzen direnean, beste helburu batzuen bila
joaten da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario