martes, 1 de mayo de 2012

Elkarrizketa: Rafa Iriondo, Gernikako hegala








Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza, Athleticen bigarren aurrealde historikoa eta haien artean Iriondok bakarrik  jarraitzen du bizirik. Rafa Iriondo Gernikan jaio zen 1919an eta ia bere bizitza erdia futbolaren munduan igaro du, jokalari baita entrenatzaile moduan. Bere ametsa Athleticen erdi aurrelaria izatea zen baina eskuin hegalean Athleticeko kondaira bihurtu zen.

5 partidu Gernikarekin, 1 Bilbao Athleticekin eta laster lehenengo taldera oso igoera azkarra.
Ez naiz gogoratzen horretaz jada, 40 urte pasa dira, soldadutza egin ostean izan zen. Gogoratzen naiz Bilbao Athleticen hasi nintzela, gustatu nitzaiela eta lehenengo taldera igo nindutela.

Eta hortik aurrera 13 urte Athleticen eta beti hasierako hamaikakoan irteten?
Bai, beti. (Adierazten du harro)

Athleticen bigarren aurrealde historikoa sortuz
Bai, bueno Venancio beranduago heldu zen. Hasieran atzealdean jokatzen zuen eta gero aurrelari moduan jarri zuten.

Nola jokatzen zuen talde hark?
Gol asko sartzen genituen (Hemen Iriondo isilik geratu da segundo batzuk, partidu haiek gogoratzen saiatuz) Oso ondo jokatzen genuen, hegaletatik, hortik erdiratu eta Zarraren burukada.

Palmares izugarria lortu zenuten
Asko irabazi genuen, bai, ez dakit zenbat (liga bat eta lau kopa irabazi zituzten). Azkenean urte asko egon naiz mundu honetan eta gauza asko ez ditut gogoratzen, urte asko dira. (Azken esaldi hau etengabe errepikatzen du Iriondok elkarrizketa osoan zehar, nostalgiaz. Denbora oso azkar pasatzen dela erakutsiz).

Zein zen talde horren sekretua?
Oso lagunak ginela. Talde hori oso batua zegoen. Jokoan ondo ulertzen genuen elkar eta horrek asko laguntzen zuen. (Momentu honetan taldearen argazkia begiratzen du eta ahotz baxuan adierazten du: “Ni bakarrik geratzen naiz”).

Eta Iriondok, nola jokatzen zuen?
Hegala nintzen, 7 zenbakia. Niri gustatzen zitzaidan erdiko aurrelaria izatea baina ez zidaten uzten, Zarra zegoen eta gainera taldeak ondo funtzionatzen zuen horrela.

Bueno erdiko aurrelari askoei gustatuko litzaieke zure zenbakiak izatea, hiru partidu bakoitzeko gol bat
Hainbeste? (Esaten du harrituta).

Bai, 122 gol 348 partiduetan
Joe… ez dago gaizki

Uste duzu gaur egun benetako hegala galtzen ari dela?
(“Bueno norbait geratzen da, adibidez Navas”, hitza hartu du bere semeak. Javi Iriondo, Rafa Iriondoren semea, elkarrizketa osoan zehar bere aitaren alboan egon zen, hainbat datu historiko aipatuz eta bere aitari laguntzen) Lehen jokoa oso ezberdina zen. Gaur egungo hegalak ez daude bandara itsatsita, lehen bezala. Gainera nire garaian estatikoagoak ginen, orain gehiago jaisten dira defendatzera.

Beraz ez zenuen asko defenditu, ezta?
Ez, defenditu…hori gutxiago (Barre txiki bat ateratzen zaio).

Eta gaur egungo Athleticen ba al dago zure antzekorik? Susaeta agian?
Ez, Susaeta ez. Batzuetan Toquerok jokatzen du hor baina ez da berdina.

Hegaleko jokariak lesio gehiago izaten dituzte, lesio larririk izan al zenuen?
Ez, zorte ona izan nuen. Bueno nire azken denboraldietan “harriak” izan nituen, baina lesio larririk ez. (Harriak, uzkurdurak muskularak, aipatzen dituenean Iriondok esku bat darama bere hankara, agian, bere lesio bat grogoratuz).

Gauza arraroa, kontuan izanda lehen jokoa gogorragoa zela, sarrera oso gogorrak ziren?
Nik ez nuen inoiz sarrera gogorrik egin (Energia handiarekin esaten ditu hitz hauek). Baina bai, bazeuden batzuek gogor ematen zutela.

Hala ere, jasotako uzkurdurengatik eta adinagatik Athleticetik joan behar izan zinen?
Bai, gainera Artetxe zegoen eta bera internazionala zen. Hasieran biak batera jokatu genuen, bera barrutik eta ni hegalean. Baina azkenean lekua kendu zidan.

Hurrengo pausua Barakaldo?
Bai, Barakaldora joan nintzen, bigarren mailara eta erdiko aurrelaria izateko baldintza jarri nuen. Gol asko sartu nituen eta horregatik Errealak fitxatu ninduen. Hor berriz hegalera itzuli behar izan nintzen.

Nola izan zen San Mamesera itzultzea Errealean jokatzen?
Irabazi genuen, 1-3, eta gol bat sartu nuen. Egun horretatik aurrera Erreala 20 urte egon zen San Mamesen irabazi gabe eta irabazi zuenean entrenatzailea ni nintzen (adierazten du barrezka).

Europan jokatu zenuen?
Ez, nire garaian ez ziren Europako txapelketak jokatzen. Athleticetik irten nintzenean jokatu zuten lehendabizi.

Eta selekzioan?
Selekzioa 1950an hasi zen jokatzen, beraz, bakarrik bi partidu jokatu nituen. Gainera nire postuan orain hil berri den Basora zegoen eta oso zaila zen jokatzea.

Azkenean 1958an erretiratu zinen, Indautxun ezta?
Bueno bakarrik partidu bat jokatu nuen jokalari entrenatzailea nintzen. Bigarren mailan jokatu genuen eta taldean Zarra eta Panizo zeuden eta lehenengo mailara igotzeko hurbil egon ginen.

Hor hasi zen zure bidea aulkietan, nola zen Iriondo entrenatzaile moduan?
Ez dakit, hainbeste taldeetan egon naiz Athletic, Espanyol, Betis Rayo…(Rayo gogoratzeko arazo asko izan ditu, “Madrileko hori, marra bat daukana”, moduan definitu du), talde bakoitza ezberdina da. Entrenatzaile teknikoa nintzen, hori bai hegalalak egon behar ziren!

Egia al da entrenamenduetan zu zeuk faltak ateratzen zenituela
Bai. (“Baloi geldian onena zen, oraindik bere jaurtiketa mantentzen zuen. Penaltiak bere jokalariek baino hobeto botatzen ikusi dut”, adierazten du bere semeak harro).

Athleticen entrenatzailea izateko aukera izan zenuen, nola izan zen esperientzia?
Bilbao Athleticen nengoen eta lehenengo taldea ez zebilen oso ondo. Taldeak gorantz egin zuen eta kopa irabazi genuen.

Zergatik ez zinen geratu?
Hurrengo urterako jada Ronnie Allen fitxatuta zeukaten. Bigarren entrenatzaile moduan geratzeko eskatu zidaten baina ezetz esan nien.

Orduan bigarren mailan arrakasta asko lortu zenituen
Talde asko igo nituen (“Bakarrik bi aita”, mozten dio bere semeak).

Eta urte batzuk pasatuta berriz Athleticera itzuli zinen, nola izan zen itzulera?
Atheltic azken postuan zebilen eta talde osoa berritu zuten. Urte horretan Ueforako sailkatu ginen, baina hurrengo urtean ez zidaten kontratua berritu eta Koldo Aguirre jarri zuten entrenatzaile moduan.

Beraz finalera heldu zen taldea zuk egin zenuen ezta?
Horrela da, bakarrik Txurruka gehitu zen talde horretara.

Eta hurrengo urtean talde horrekin aurkitu zinen final batean ezta?
(“Hemendik behin eta berriz gogoratzen digute final hori”, esaten du bere semeak barrezka). Historiako partidurik luzeena izan zen. 2-2 geratu ginen eta prorroga jokatu ostean penaltietara joan ginen. Penalti asko egon ziren, Iribarrek ere bota zuen. Honek kale egin zuen eta Esnaolak sartu zuenenez kopa irabazi genuen.

Athelticeri asko irabazi diozu, talde erreza zen zuretzat?
Esan daiteke baietz (Barre egiten du). Azkenean nire betiko taldea Athletic izan da eta ezagutzen nituen.

Atzera begira nola nahiago duzu kopa irabaztea, entrenatzaile moduan ala jokalari moduan?
Desberdina da, noski, biak dira onak, baina agian entrenatzailea zarenean garrantzi gehiago ematen zaio, zu bakarrik zarelako. Jokalari zarenean gehiago gara protagonistak.

Talde asko entrenatu dituzu eta badirudi gehienetan gogoratzen direla zutaz
Ohore bat da. Futbolean entrenatzaile askok ez dute inolako arrakastarik beraien taldeetan eta azkar ahaztuak izaten dira eta nik zorte handia izan dut eta egon naizen toki guztietan ondo tratatzen naute.

Athleticek ere. Urte honetan omenaldi bat egin zizun, nola izan zen?
Oso polita, gainera Athleticek irabazi egin zuen! Hor egon nintzen kamisetak sinatzen, argazkiak ateratzen, oso polita (nabaritzen da Iriondoren ilusioa galdera hau erantzuterakoan).

Faltan botatzen duzu futbola?
Gustatzen zait eta partidu asko ikusten ditut baina jokatzea ez dut faltan botatzen. Erretiratu nintzenean jokatzen jarraitu nuelako, entrenatzailea nintzenean jokalariekin jokatzen nuen eta gero nire lagunekin partiduak egiten genituen, nahi izan dudan arte jokatu dut.

Profil psikologikoa:
Etxean sartu bezain laster nabari egiten da Rafa Iriondo izan duen arrakasta; sariak, argazkiak, egunkari-zatiak… jokalari ohiaren istorioen proba dira. Erlikia hauek eta bere semeak laguntzen diote adinak ezabatu dituen hutsuneak betetzera. Rafa Iriondo ez da San Mameseko eskuin hegala ziztu bizian igarotzen zuen gazte hori, orain 93 urteko agure bat da partiduak telebistatik ikusten dituena, “Partiduak beranduegi hasten direlako”. Hala ere, orain dela 60 urte bezala futbolaren katedrala oraindik zutik jartzen da Iriondo zelaira irteten denean, horren froga orain dela hilabete pare bat egin zioten omenaldia izan zen. Argazkiak begiratzen dituenean bere garaiko taldekideak nostalgiaz begiratzen ditu, nahiz eta talde horretako nagusienetariko bat izan bizirik geratzen den bakarra da eta asko nabaritzen da faltan botatzen duela bere lagunekin batera kopak berriz altxatzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario